14/5/22

Baratzaren plangintza

Duela 3 hilabete baratze bat nola antolatu behar den galdetu izan bazidaten, ezer gutxi erantzun ahal izango nuke. Gaur egun, ideiarik izan gabe jarraitzen badut ere, behintzat gure baratza nola planifikatu dugun eta hona iristeko jarraitu ditugun irizpideak azaldu ditzazket. Hona hemen:

* 5x6 m2-ko baratza, 1.8m-ko zabalera duten 3 zatitan banatu, tartean 20 zm-ko bidexkak eginez ipar-hego norabidean.

* Mendebaleko baratze-saila tomateei eskaini diegu. 40 X 80 zm-ko landaketa markoarekin, barietate ezberdineko 24 landare bi lerrotan banatuta: robin, gordon, raf eta nola ez... tomatetxerri!

* Tomate hilaren artean eta alboetan, letxuga berde eta gorriak eta kogollikoak. Barazki hauen landaketa 2 astetako epean tartekatuta, uzta proportzionalak jasotzen joateko asmoz.

* Erdiko sailan, iparraldean, 10 leka landare. Hauek handiak eta pisutsuak egingo direlakoan, kanpin denda itxurako tutore eleganteak dauzkate. 

* Hegoaldera, azalera handia behar duten bi kalabazin, 4 berenjena eta 12 zerba edo azelga, gorriak eta txuriak.

* Ekialdeko sailan, gindillak (binaka landatuta!) piperrak eta Gernikako piperrak, bi  hileratan.

* Hemen  ere,  in situ ereindutako azenarioak, porruak, tipula eta tipulina.

Bidexkak eginez, baratze-sailak ez zapaltzea lortu nahi da. 

Era honetan barazki jatunak mendebaldean geratzen dira eta ez jatunak ekialdean. Datozen urteetan, lursailen barazkiak elkartrukatuz, lursailen errotazio sinplea burutuko dugu.

Itzala ekiditeko asmoz landare altuak mendebaldean eta iparraldean kokatu ditugu, aurten behintzat.

Barazki mota eta hauen proportzioa,  gaur egun kontsumitzen ditugunaren eta gehien gustatzen zaizkigunaren arabera aukeratu dira.

Besterik gabe, hemen gure baratza teorikoa. Baratze erreala zertan geratzen den, aste gutxitan ikusiko dugu. Egindako akatsak aldiz, uda bukatzean.

Ondo izan!

14/5/12

Non erosi landareak?

Landatzeko momentua iritsita,  barazki goxoak emango dituzten landareak non erosi da zalantza. Galdetzen hasi eta urrutira joan gabe honako aukerak aurkitu ditugu, bakoitzak bere berezitasunekin:

* Blasenea mintegia: Zarautzen kokatua, soilik produktu ekologikoak ekoizten dituzte. Aipatzekoa, barazki bakoitzetik barietate pila bat eskaintzen omen dituztela.

* Alkartasuna, Usurbilgo baserritarren kooperatiba: kalitate/prezio erlazio ona omen dauka.

* Oriamendi: baratze parketik gertuen dagoena. Igande ta jaiegunetan goizez irekita.

* Inguruko merkatuetako postuetan.

Aurtengo helburuak betetzeko hauetako edozein lekutan eros genitzazke landareak. Baina aste honetan, goizeko bederatziak aldera Bretxatik pasatzerakoan argazkian ikus daitekeen irudiarekin  aurkitu naiz. Adin horretako horrenbeste pertsona ezin direla galduta ibili pentsatu eta Tomatetxerriko lehen tomate landareak bertan erosi eta landatu ditugu.

Ondo izan!

14/5/7

Baratzeko 1. Tomatetxerri legea

"BELAR TXARRAK ESPERO ETA NAHI BAINO AZKARRAGO ATERATZEN DIRA BETI"

Baratzean lehen laneguna apirilaren hasierako egun batean izan zen. Ilusio handiz, lursaileko harriak eta belar txarrak kendu genituen. Pazientzia handiarekin hasieran, azkarrago bukaeran.

Aste santua dela,  euria dela edo beste konpromezuren bat dela,  maiatza hasierara arte ezin izan dut Ekogunera hurbildu. Intentzioa, lurrari buelta eman eta egun gutxira landatzeko prest utzi. Esango nuke apirilean izan ditugun baldintzak (eguzkia, hezetasuna eta tenperatura epelak), lurraren kalitate onarekin batera, belar txarren gozamenerako ekaitza perfektua sortu dutela. Belar txarrak nonahi atera dira epe honetan, eta egindako lana alferrikakoa izan dela ondorioztatu daiteke.

Belar txarren inguruan, Jakoba Errekondoren artikulu hau aurkitu dut. Beraien aurka borrokatzeko ematen diren aholkuen artean, momentuz, eskuz kentzearena erabiliko dugu, ikusiko dugu zer nolako emaitzak lortzen ditugun.

Orainarte ikasitakoa beraz :

"Belar txarrak zainak luze"

Ondo izan!