14/4/28

Baratze parkea ezagutzen

Kutxa Ekoguneko baratze parkea zertan datzan ez dakienarentzat, hona hemen informazio apur bat.
Ekogunea, Kutxaren gizarte ekintza bultzatuta, "jasangarritasunaren kulturaren sentsibilizazio eta dinamizazioa eta ingurumenarekiko errespetua"  bultzatuz lanean diharduen erakundea da. Bere helburuak betetzeko, proiektu ezberdinak burutzen ditu, horietako bat baratze parkeen sarea izanik.
Sare hau,  "Gipuzkoako udalerrietan, herritarrentzat egokituriko autokontsumorako baratza ekologikoen gune publikoen amarauna litzateke". Sare honen egoitza nagusia, Donostiako Ekogunean kokaturikoa da.

Harira joateko,  hona hemen proiektu honen zenbait ezaugarri:

* Nekazaritza ekologikoaren erizpideak jarraituz landu beharreko baratzak dira. 

* Lortutako barazkiak autokontsumora bideratu beharrekoak dira. 

* Baratzen banaketa egin zenean, adin eta kultura aniztasuna bultzatzen saiatu zen. 

* Lursail gehienak 30 metro karratuko azalera badute ere,  familia handientzat 60 m2-ko batzuk badaude.  Talde eta erakunde handiagoentzat, 90 m2-ko gutxi batzuk badira ere

* Baratzekideok nekazaritza ekologikoaren  inguruko ikastaro bat jaso genuen 2013an. Esan beharra dago,  balio handiko informazioa jaso genuela gai hauetan hasiberriak garenok.

* 30m2-ko baratzagatik hilero 15€ko kuota ordaintzen dugu. 

* Baratzen koloreen zain,  egia da baratze parkea dotore geratu dela. Pena bat da, krisia medio, proiekturako aurreikusitako diru guztia iritsi ez izana, eta ondorioz zenbait instalakuntza ezin izan direla burutu, momentuz.

Ondo izan! 

14/4/25

Aurkezpena


Ongi etorri! 


Blog honetan, duela gutxi egokitu zitzaidan Kutxa Ekoguneko baratze baten bilakaera kontatzea da nire asmoa. Esan beharreko lehengo gauza da, baratze lanetan dudan esperientzia zero patatero dela. Beraz, baratzean egindako hanka sartzeen berri izango duzue hemen, batez ere. Dena den, noizbehinka lorpen txikiren bat izateko esperantza daukat ere, eta noski, horien informazio zehaztuta gustu handiz argitaratuko dut. 

Blogaren bitartez baratzaren bilakaera dokumentatzeko nere burua behartzea da helburua. Bide batez norbaiti lagungarri egiten bazaio (ziurrenik jarraitu behar ez diren hurratsak erakutsita) pozik sentituko nintzateke.  Jakin ezazue, era guztietako aholkuak eta kritika eraikitzaileak oso ongi etorriak izango direla.

Bloga euskaraz idatziko dut eta ahaleginak egingo ditut ahalik eta akats gutxien sartzen. Dena den nere euskara ez da EGA mailara iristen, eta hanka sartzeak arlo honetan ere izango dira. Norbaitek beste hizkuntza batean parte hartu nahi izanezkero, era berean ongi etorria izango dela jakin dezala.
Blogaren sarrerak gehienbat autobusean idatziko ditut, lanerako bidean edo bueltan, beraz motzak eta liseritzeko errazak izaten saiatuko naiz. Praktikoagoa egiten zaidanez , argazkiak mugikorrarekin ateratakoak izango dira gehienbat, eta beraz kalitatea ez da bereziki ona izango, baina testua arintzeko balioko dutela uste dut. Sarreren maiztasunaren inguruan,  astean behin argitaratzea gustatuko litzaidake, ea lortzen dudan... 

Abiapuntu bezala, baratzaren hasierako egoeraren argazkitxo bat uzten dizuet. Ikus daitekeenez badago  lan dexente egiteko eta lehenengo tomateak dastatzeko unea urrun ikusten da. Bitartean, hemen izango duzue proiektu txiki honen berri. Ondo izan!