14/4/25

Aurkezpena


Ongi etorri! 


Blog honetan, duela gutxi egokitu zitzaidan Kutxa Ekoguneko baratze baten bilakaera kontatzea da nire asmoa. Esan beharreko lehengo gauza da, baratze lanetan dudan esperientzia zero patatero dela. Beraz, baratzean egindako hanka sartzeen berri izango duzue hemen, batez ere. Dena den, noizbehinka lorpen txikiren bat izateko esperantza daukat ere, eta noski, horien informazio zehaztuta gustu handiz argitaratuko dut. 

Blogaren bitartez baratzaren bilakaera dokumentatzeko nere burua behartzea da helburua. Bide batez norbaiti lagungarri egiten bazaio (ziurrenik jarraitu behar ez diren hurratsak erakutsita) pozik sentituko nintzateke.  Jakin ezazue, era guztietako aholkuak eta kritika eraikitzaileak oso ongi etorriak izango direla.

Bloga euskaraz idatziko dut eta ahaleginak egingo ditut ahalik eta akats gutxien sartzen. Dena den nere euskara ez da EGA mailara iristen, eta hanka sartzeak arlo honetan ere izango dira. Norbaitek beste hizkuntza batean parte hartu nahi izanezkero, era berean ongi etorria izango dela jakin dezala.
Blogaren sarrerak gehienbat autobusean idatziko ditut, lanerako bidean edo bueltan, beraz motzak eta liseritzeko errazak izaten saiatuko naiz. Praktikoagoa egiten zaidanez , argazkiak mugikorrarekin ateratakoak izango dira gehienbat, eta beraz kalitatea ez da bereziki ona izango, baina testua arintzeko balioko dutela uste dut. Sarreren maiztasunaren inguruan,  astean behin argitaratzea gustatuko litzaidake, ea lortzen dudan... 

Abiapuntu bezala, baratzaren hasierako egoeraren argazkitxo bat uzten dizuet. Ikus daitekeenez badago  lan dexente egiteko eta lehenengo tomateak dastatzeko unea urrun ikusten da. Bitartean, hemen izango duzue proiektu txiki honen berri. Ondo izan!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina