14/6/18

Bizilagun berriak

Irizpide onarekin, Ekoguneko lagunek landu gabe zeuden lur sailak jabe berriei eman dizkiete azken egun hauetan. Izan ere,  barraskilo eta bareak hedatzeko leku aproposak dira landu gabeko lur hauek, beste baratzeen kalterako. Eta batez ere,  pena bat da kolorez jositako baratze politen artean landu gabeko hauek ikustea...

Bizilagun berrien inguruan, jende langilea dela esan daiteke, denborarik galdu gabe, egun gutxitan martxan jarri baitituzte beraien baratzak. Hala ere, maltzurkerietan dabilen bizilagun berriren bat antzeman dut egunotan. Gainera, in fraganti harrapatzeko aukera izan nuen nere ondoko baratzean: satorra! (Ikusi irudia).

Hauen kontra, ehizatzeko eskopeta erabiltzen duenik ezagutzen dut. Ekogunean tiroka hastea oso ideia ona ez dirudienez, momentuz bere kabuz lasai enredatzen utzi ditugu.

Ondo izan!

14/6/12

Zeruari begira...

Gogoan dut ikastolakin Aranzadiko baratzak ikustera joan ginenean. 12 urte inguruko kalekumeak ginen. Barazkien artean jabearen azalpenak entzuten genituen, "adi adi".

Kontatzen ari zenaren harira, "a la  noche va a llover" bat bota zuen. Gutako norbaitek galdetu zion ea nolatan zekien hori. Urteetan zehar zerua begiratzean barneratutako jakituria izango zela pentsatu nuen nik. Bere erantzuna, ordea, "lo ha dicho la chica del tiempo" izan zen.

Berarenganako miresmena letxugen mailara bi segundotan bota zuen gizon horren antzera, Ana Urrutiaren atala ikusten saiatzen naiz azkenaldi honetan. Normalean garaiz iristen ez naizenez, internetera jotzen dut gehienetan , webgune hauetara hain zuzen:

* Euskalmet: bertakoak izanik, nahiko ondo asmatzen dute. Informazio oso lokalizatua izan ez arren, pertsona batek (eta ez soilik ordenagailu batek) idatzita izana eskertzen da.

* Aemet: oso lokalizatua, baina soilik modeloek emandako informazioa azaltzen du. Euri kontutan ez dira gehiegi bustitzen, euri probabilitatearen datua ematen baitute. Horrela beti asmatzen dute! 

* Windguru: jatorriz windsurflarientzako webgunea bazen ere, informazioa modu argi eta intuitiboan jartzeak, beste erabiltzaile askori erabilgarri suertatzea ahalbideratu du. Hauek bai bustitzen direla, eguneko momentu ezberdinetan  egingo duen euri kantitate zehatza ematen baitute.

Asteleheneko ekaitza ondo aurreikusi zuten hiru webguneek. Autobusean arrapatu ninduen, babesean, argazkian ikusi daitekeen modura. Tomatetxoak babesean egon ez arren, ondo eutsi zioten ekaitzari, zorionez! 

Ondo izan!

14/6/5

Maiatzeko balantzea

Baratzean lan gehien eskatzen duen urtaroa udaberria dela esaten ohi da. Esperientziarik gabe,  benetan horrela izatea espero dut. Izan ere, daukadan sentsazioa da baratzaren eskakizunak asetzeko behar den denbora haina ezin izan diodala eskaini, eta ezin ailegatuta ibili naizenaren sentsazioa daukat. Dena den, hala nola eta laguntzarekin, baratza aurrera dijoala dirudi.

Baratza lantzen maiatzean hasi ginela kontsideratuz (apirileko lanegun bat alferrikakoa izan zen), maiatzeko eta beraz orainarteko baratzaren balantzea modu honetan geratuko litzateke :

* Emandakoa:
   - Lanegunak: 10 egun.
   - Lanorduak: 35 ordu inguru.
   - Landareen erosketa: 33.3€.
   - Beste erosketak: 44€.
   - Ekoguneko kuota: 15€.

* Jasotakoa:
   - Uzta: DEUS EZ.

Kanpotik edota hotzean ikusita, balantzea triste eta eskasa ateratzen da, edonondik begiratuta ere.  Agian "jasotakoan" neurriezinak diren beste atal batzuk jarri beharko nituzke, ilusioa adibidez. Horrela balantzea pixkat orekatuagoa geratuko litzateke.

Argazkian ikusten diren lehenengo tomatetxo horiek atzo ikustean hartu nuen poza balantzean sartu ezkero, positiboa aterako zen, ziur. Goleadaz!

Ondo izan!